Merezi duguna daukagu?
Gaurkoan pil-pilean dagoen eztabaida batekin natorkizue, ez azalpen zientifiko batekin.
Kontua da azken urteotan aldaketa klimatikoa asko ari garela nabaritzen. Baina zerbait egiten al gaude irtenbiderik aurkitzeko?
Seguru aski orrialde hau irakurtzen ari zaretenok baietz esango didazue, aldaketa klimatikoaren problematikaz jabetuta zaudetelako, baina zuen ingurunera begiratuz gero... zer erantzungo zenidakete?
Zuek uste duzue jendea prest dagoela boluntariotza-jardunaldi batera joateko euren denbora librean adibidez zuhaitzak landatzeko edo zaborra basoetatik edota hondartzetatik biltzeko? Prest al daude kotxea alde batera uzteko eta oinez joateko? Prest herrian erosteko eta km0 produktuak erosteko?
Nire uste apalean, zoritxarrez, biztanleria gehiena euren erosotasunetik eta norberekeriatik ari da kexaka. Egia da gaur egun guztiok gaudela estresatuta eta arin bizi garela, eta hori konpentsatzeko helburuarekin batzuetan ingurumenaz ahaztu "behar" garela, baina argi izan behar dugu ingurumena guztion ardura dela, ez bakarrik biologoon asuntoa. Biologoak, abokatuak, ikasleak, irakasleak, igeltseroak... denak bizi gara planeta berdinean (gure bizimoduak larri kaltetzen duen planetan). Etxerik, oxigenorik, elikagairik, sendagairik... gabe gelditu nahi ez badugu, ingurumena zaindu behar dugu, eta hobe laster hasten bagara, "deskontuko denboran" baikaude jada.
Badakigu erraza dela etxean gelditzea boluntario bezala lanera joan ordez, edo errazagoa dela produktu bat internetetik eskatzea nahiz eta beste herrialde batetik etorri... baina pentsatzen badugu gure ekintzek ez dutela ezer aldatuko, ez dagoela ingurumena babesteko behar bat, edo ingurumena zaintzea gutxi batzuen erantzukizuna bakarrik dela, beste batek egingo duela lana ni etxean lasai nagoen bitartean... ez gara gauzak ulertzen ari.
Aldaketa txikiek ere badute bere garrantzia, eta nahiz eta aldaketarako gako nagusia agian gure esku ez dagoen, izan gaitez aldaketaren parte, eta ez konformista hutsak. Ezin dugu eskatu gu ere egitera prest ez gauden ezer.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina