Odol-emailea izan nahi al duzu?
Odola eman edo jaso behar baduzu, lehendabizi odol-taldeen dinamika ezagutu behar duzu. Izan ere, pertsona orok ezin diogu edozein pertsonari odola eskaini, bere gorputzak baztertu egin ahal duelako. Hortaz, emailearen eta hartzailearen arteko bateragarritasuna bilatzea beharrezkoa da.
Hori ulertzeko, AB0 eta Rh sistemak ulertzea ezinbestekoa da.
- AB0 sistema:
- Pertsona batek odol-talde bat edo beste edukiko du, bere odoleko globulu gorriek mintzean duten antigeno izeneko substantzien arabera. Horren arabera, 4 odol-talde mota sortzen dira: A, B, AB eta 0.
- AB0 sisteman, bi antigeno mota daude: A antigenoa eta B antigenoa. A odol-taldeak A antigenoa dauka globulu gorrien mintzean, B odol-taldeak B antigenoa, AB taldeak A eta B antigenoak (biak batera), eta 0 taldeak, aldiz, ez dauka antigenorik (ez A ez B).
Odol-talde bakoitzeko globulu gorriak
- Bestalde, pertsona baten odolean, beste antigenoaren kontrako antigorputzak daude. Antigorputzak gure gorputzak ekoizten dituen "defentsa" modukoak dira. Beraz, adibidez Anti-B antigorputzak dituen A odol-taldeko pertsona bati B antigenoa daraman B odol-taldeko odola transferitzen bazaio, Anti-B antigorputzek B antigenoaren kontra borrokatuko dute, eta errefusa sortu. Horren ondorioz, odol-transfusioa jaso duen pertsona hil egin daiteke.
Odol-talde bakoitzak dituen antigenoa eta antigorputza
- Rh sistema: sistema honek beste antigeno mota baten presentzia aztertzen du: Rh faktore edo D antigenoarena. Rh faktoreak edo D antigenoak dituzten pertsonak Rh positibo (+) moduan sailkatzen dira, eta D antigenorik gabekoak, aldiz, Rh negatibo (-) bezala. Gauzak horrela, Rh positibodun pertsonek ezin diete odola eman Rh negatibodunei. Izan ere, negatiboek D antigenoa ez dutenez, antigorputzak dauzkate antigeno horren kontra (Anti-D). Horregatik, D antigenodun odola D antigenorik gabeko pertsona bati sartuz gero, antigorputzek antigeno horren kontra egingo dute, errefusa sortuz.
Laburbilduz, odol-transfusio bat egiteko orduan bi sistemak hartu behar dira kontuan, eta bien arteko bideragarritasunak sakonki aztertu. Alde batetik, emaileen A, B eta AB odol-taldeek dituzten antigenoak kontuan izan behar ditugu, hartzailearen antigorputzekin ez erreakzionatzeko. Beste aldetik, Rh negatiboa duten pertsonek Rh positiboei zein negatiboei transferitu ahal diete odola. Izan ere, D antigenorik ez dutenez, odol horrek ez dio inori kalte egingo. Rh positiboa duten pertsonek, aldiz, soilik D antigenoak dituzten pertsonei (Rh positiboei) eman ahal diete odola. Izan ere, Rh negatibo bati transferituz gero, errefusa sortuko da, horrek Anti-D antigorputzak baititu.
Gauzak horrela, 0- odol-taldeko pertsonak emaile unibertsalak dira. Eta AB+ odol-taldekoak, aldiz, hartzaile unibertsalak.
Hartzaileen eta emaileen arteko bateragarritasuna
BIBLIOGRAFIA:
- Centro Regional de Transfusión Sanguínea de Granada y Almería. [Internet]. Andaluzia, Espainia. [Azken kontsulta: 2021/07/13]. URL: http://transfusion.granada-almeria.org/donar/grupos-sanguineos
- Cruz Roja Española. [Internet]. [Azken kontsulta: 2021/07/13]. URL: https://www.donarsangre.org/rh-negativo/
- Mugertza, K., Madrid, M.A., Meléndez, I., Blanco, M. & Vidal-Abarca, E. (2007). Natura Zientziak. Biologia eta Geologia. 4 DBH. Zubia Editoriala, S. L. / Santillana Educación, S. L. ISBN: 978-84-9894-246-0.



Iruzkinak
Argitaratu iruzkina