Nola sortzen da HAREA?

Denok joan gara noizbait hondartza batera bainu bat hartzera, eguzkia hartzera, harearekin gazteluak egitera... baina gutariko asko ez gara inoiz jabetu hondartza batek daukan izaki bizidunen aniztasunaz. Eta horretaz aparte, ez dugu ezagutzen nola sortu zen zapaltzen ari garen harea. 

Harea itsaslabarretako haitzak higatzearen ondorioz sortzen da. Jakingo duzuen bezala, arroketan molusko asko egon ohi dira: lapak, margolak, itsas ezkurrak... Maskordun animaliak, hain zuzen ere. Maskor horiek arroka edo haitzekin batera higatuko dira haizearen eta olatuen eraginez. Horrela, arrokak eta maskorrak txikitzen joango dira, partikula geroz eta txikiagoak sortuz. Horrela sortzen da harea!! Baina noski, hori ez da minutu gutxi batzuetan gertatzen, baizik eta urteetan zehar. 

Hortaz, hemendik aurrera harea zapaltzean, kontziente izango zara milioika urteetan zehar gertatutako prozesuen ondorioz sortu dela. Eta gainera, harea eskukada bat hartzera gonbidatzen zaitut, partikula txikiak zerez osatuta dauden egiaztatzeko. Seguru aski era desberdin batean ikusten hasiko zara hondartzako ingurunea.


Harean dauden partikula txikiak.
Argazkia: https://www.todo-mail.com/content.aspx?emailid=19834

Nola sortzen da hondartza?

Ikasi dugu harea nola sortzen den, baina nola heltzen da hondartza deitzen diogun tokira? Ba... garraio prozesuaren bidez. Itsaslabarretik higatu diren partikulak garraiatuak izaten dira olatuengandik edo haizearengandik. Haizeak eta olatuek partikulak eraman egiten dituzte itsaslabarretatik, metaketa-leku deritzon gune batera. Bertan, partikula horiek bildu edo metatu egiten dira. Azken prozesu horri sedimentazioa deritzo.

Laburbilduz, hondartza sortzearen prozesua 3 pauso nagusitan banatu ahalko genezake: higadura (harea sortzeko), garraioa (itsaslabarretatik hondartza gunera) eta sedimentazioa (metaketa, hondartza eratuz). 


Zeren arabera aldatzen da harearen kolorea eta tamaina?

Itsaslabarretako arroken kolorearen eta bertan dauden maskorren kolorearen arabera, hareak ere kolore bat edo beste edukiko du, logikoki. Tamainari dagokionez, higadura prozesuaren araberakoa da. Izan ere, geroz eta urte gehiago pasatu olatuen eta haizearen eraginpean, geroz eta gehiago txikituko edo apurtuko dira, partikulen tamaina txikiagotuz. Beste alde batetik, gure latitudean haizeak eta olatuek gogor jotzen badute, denbora gutxiagoan partikulak gehiago txikituko dira, harea finagoko hondartzak sortuz. Aitzitik, kokapen geografiko horretan haizeak leun jotzen badu, eta baita olatuek ere, hondartzako harea askoz lodiagoa izango da.


***


Hausnarketa:

Beraz, guzti hau jakinda, hurrengo batean hondartzara joaten zaretenean, bertan aurkitutako maskorrak etxera eramango dituzu? Izan ere, guztiok maskorrak etxera eramaten baditugu, hondartza biluzik utziko dugu, eta harea ezin izango da berriztu (ez dugu maskorrik utziko higatu dadin). Horregatik, nik beti esaten dut naturan topatzen duguna naturan utzi behar dugula (gure zaborra izan ezik, noski!).


BIBLIOGRAFIA:

  • Olas Perú. [Internet. Azken kontsulta: 17/12/2021]. URL: https://olasperu.com/blog/como-se-forma-la-arena-de-playa/10963
  • Crónica Directo. [Internet. Azken kontsulta: 17/12/2021]. URL: https://cronicaglobal.elespanol.com/cronica-directo/curiosidades/origen-arena-playa_192899_102.html 
  • Lelyen, R. VIX. [Internet. Azken kontsulta: 17/12/2021]. URL: https://www.vix.com/es/btg/curiosidades/7836/como-se-forman-las-playas

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Zer da EUTROFIZAZIOA?

Odol-emailea izan nahi al duzu?

Naturalak al dira UHOLDEAK?