Geroz eta pertsona gehiago gara laktosa gabeko esnea edaten dugunok, laktosadun esnea edan ostean tripako mina sortzen zitzaigula konturatu ginelako. Baina gutxi batzuk dakite zergatik daukagun laktosarekiko intolerantzia hori. Historian zehar gertatutako gertaeretan dauka oinarria. Segi irakurtzen!
Lehenik eta behin, laktosa zer den jakin behar dugu. Laktosa esnean oso ugaria den karbohidratoa edo azukrea da, bere kabuz ezin duguna digeritu edo liseritu. Digeritu ahal izateko, laktasa entzima beharrezkoa da. Entzima horrek laktosa karbohidratoa apurtu egiten du, galaktosa eta glukosa molekulatan, heste meharrak xurgatzen eta prozesatzen dituelarik (hau da, digeritzen direlarik).
Laktosarekiko intolerantzia pairatzen baduzu, laktosa ezin izango duzu digeritu, laktasa entzimaren kantitate gutxi daukazulako gorputzean. Horren ondorioz, heste meharrak ezin izango du xurgatu eta kolorena edo heste lodira joango da zuzenean. Kolonean ditugun bakterioek digeritu gabeko laktosarekin erreakzionatzen dute eta tripako mina eragiten digute.
Umeak garenean, gure organismoak laktasa entzima ekoizten du, ama-esnea digeritu ahal izateko. Baina helduak bihurtu ahala (gizakiaren kasuan ugaztun guztiekin gertatzen den bezala), laktasaren ekoizpena murriztuz doa, laktosarekiko intolerantzia sortuz. Horren arabera, ugaztun heldu guztiok laktosarekiko intolerantzia eduki beharko genuke. Baina munduko populazioaren %35ak laktosadun esnea digeritu dezake. Europa da, gainera, helduetan laktasa entzimaren aktibitate handiena kontserbatzen duen kontinentea.
Orain arte esan dugu helduak bihurtzean normalena dena laktosa digeritzeko arazoak izatea. Baina orduan, zergatik daude pertsonak laktosadun esnea edanda ere arazorik ez dutena izaten? Bada... historian zehar gertatutako mutazio baten ondorioz.
Heldutan laktasa entzimaren aktibitatea mantentzen zuen mutazioa (material genetikoaren edo DNAren aldaketa) duela 2.000-20.000 urte gertatu zen Turkian. Mutazioa laktasa entzima ekoizteaz arduratzen den genean gertatu zen, eta ondorioz, heldutan ere laktasa sortzea eragin zuen.
Mutazioei buruz hitz egiten entzun dugunean, seguru aski aldaketa kaltegarri bezala imaginatu dugu, eta egia da askotan hala dela, baina ulertu behar dugu beti aldaketa guztiak ez direla txarrak. Adibidez, laktasaren kasuan. Mutazioa gertatu zen garai hartan, abeltzaintza geroz eta garrantzitsuagoa bilakatzen hasi zen. Gizakia abereak hezten eta jezten hasi zen, bai eta esneaz, gaztaz eta beste lakteoetaz elikatzen hasi ere. Horrela, mutazioa zeukaten pertsonek abantaila izango zuten, gainontzekoek elikagai horiek digeritu ezin bitartean. Hortaz, mutazio hori onuragarria izan zen, eta eboluzioan zehar hedatuz joan zen. Izan ere, gosete garaietan laktosa digeritzeko gaitasuna zeukaten pertsonek bizirauteko probabilitate gehiago zituzten (eta mutazioak transmitutu euren ondorengoei).
Amaitzeko eta kuriositate modura, gauzatxo bat komentatu nahiko nuke: zenbat alditan ikusi dugu pelikuletan eta liburuetan katuei esnea ematen zaiela elikagai modura? Ba... goian azaldu dudan moduan, ugaztunak kumeak direnean esnea digeritu dezakete, baina ez helduak direnean. Beraz, katuei ere heldu bilakatzen direnean ezin zaie esnerik eman.
Eta kuriositate extra bat! Laktosa gabeko esneak errealitatean laktosa dauka, baina laktasa gehitu diote. Orain badakizue zergatik!! Eta ez badidazue sinesten, joan zaitezte zuen esne-tetrabrikaren osagaien zerrenda aztertzera!
BIBLIOGRAFIA:
- Ugidos-Rodriguez, S., Matallana-Gonzalez, M.C. y Sanchez-Mata, M.C. (2018). Lactose malabsorption and intolerance: a review. Food and Function, 9(8): 4056-4068. DOI: 10.1039/c8fo00555a.
- Thomson, H. (2012). An Evolutionary Whodunit: How Did Humans Develop Lactose Tolerance? National Public Radio, News.
- Phelan, B. (2012). The Most Spectacular Mutation in Recent Human History. Slate.
- Mayo Foundation for Medical Education and Research (MFMER). 1998-2021. [Internet. Azken kontsulta: 2021/12/09]. URL: https://www.mayoclinic.org/es-es/diseases-conditions/lactose-intolerance/symptoms-causes/syc-20374232
- Bonet, B., Dalmau, J., Gil, I., Gil, P., Juárez, M., Matía, P. y Ortega, R.M. (2014). Libro Blanco de los lácteos. 65-71 orriak.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina