Zergatik egiten du euri gehiago mendien alde batzuetan beste batzuetan baino? FOEHN EFEKTUA
Foehn efektuaren ondorioz gertatzen da euri gehiago egitea mendien alde batzuetan beste batzuetan baino. Efektu honek bere izena hartzen du Alpe mendien iparraldeko haize batetik.
Baina Foehn efektua non gertatu ohi
da? Ba... adibidez hemen, Euskal Herrian. Izan ere, ipar-mendebaldeko haizea (itsasoak
berotu eta hezetu egin duena) Ozeano Altlantikotik sartzen da Iberiar
Penintsulara. Sartzean, Euskal Herriko hainbat mendirekin egiten du topo haize
horrek. Zein da emaitza? Ba mendiak zeharkatzean haizeak ura galtzea eta beste
aldera lehorrago igarotzea. Hori da arrazoietako bat Euskal Herriko mendi magal
batzuetan euri gehiago egitearena, eta beste magalean ez hainbeste.
Azalpenean sakondu aurretik, jakin behar duzue mendiek bi magal dituztela: haizealdea eta
haizebea. Haizealdea, hitzak berak esaten duen bezala, haizeak jotzen duen
mendi magala da. Haizebea, berriz, haizeak jotzen ez dion hegala da, irudian
ikus dezakezuen bezala.
Beste hitz batzuekin esanda,
Foehn efektua aire masa bero eta heze batek mendi baten kontra egitean sortzen
den fenomenoa da. Oztopoa edo mendia gainditzeko, aire horrek gora egin behar
du, haizealdetik. Airea gorantza doan heinean, hau da, altitudean aurrera egiten duen
heinean, tenperatura galtzen doa. Izan ere, denok dakigu altitudean geroz eta
gorago joan geroz eta hotz gehiago egiten duela. Adibidez, Bilboko alde
zaharrean 20ºC egiten dituelarik, agian Pagasarriko tontorrean 16ºC egin
ditzake, nahiz eta bata bestearengandik oso hurbil egon. Hori presio atmosferikoa
murrizten delako gertatzen da. Izan ere, presioa altuerarekin murrizten da,
airea hoztuz.
Laburbilduz, mendiaren
haizealdean euria eta hotza egiten duen bitartean, haizebeko aldean eguraldia
hobea izango da: euririk gabea eta beroagoa.
BIBLIOGRAFIA:
- Meteo Navarra. Gobierno de Navarra, Nafarroako Gobernua. [Azken kontsulta: 25/10/2021] URL: http://meteo.navarra.es/definiciones/efecto_foehn.cfm
- Meteorología en Red. Portillo, G., Melguizo, D. & Curiel, L. [Azken kontsulta: 25/10/2021] URL: https://www.meteorologiaenred.com/efecto-foehn.html
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina