Eukaliptoen arazoak

Eukaliptoa Australiatik etorritako zuhaitza da, hosto luzangak dituena. Espainiara XIX. mende erdialdean sartu zen, eta erraztasun handiz hedatu zen Penintsula osoan zehar, bere egurra papera egiteko oso aproposa baitzen. Gaur egun, eukaliptoek 15.000 km2 (1,5 milioi hektarea) estaltzen dituzte Espainian. Baina eukalipto landaketak hedatu ahala, bertoko basoen hedadurak atzera egiten du.

Gai izan behar gara baso bat eta landaketa bat desberdintzen, biodibertsitatea edo bertako izaki bizidunen multzoaren aberastasuna ez delako berdina bietan.

Zergatik dira hain garrantzitsuak bertoko basoak? Ba... hitz gutxi batzuetan esanda, pila bat izaki bizidun bizitzea ahalbidetzen dutelako. Basoak ez dira bakarrik zuhaitzen multzoa. Bizitza asko ere badago zuhaitzetaz aparte: narrastiak, intsektuak, txoriak, karraskariak... Zuhaitz espezie bakarreko landaketetan (are gehiago pinu edo eukalipto landaketak badira) ez dago hainbesteko bizitzarik.

Orain azaldutakoa apur bat sakonduko dugu orain, hobeto uler dadin.

Alde batetik, inguruko basoetatik orbela erortzen da ibai edo erreken ibilgura, eta horrek erreketan bizi diren izaki bizidunen elikagai modura funtzionatzen du, mantenugaiak daramatzalako. Baina eukaliptoen hostoak toxikoak dira animalia gehienentzat (basokoentzat eta erreketakoentzat ere bai). Gainera, eukalipto basoen inguruan dauden ibaiek orbel gutxiago jasotzen dute, baita kalitate txarragokoa ere. Horren guztiaren ondorioz, eukalipto basoek eragin kaltegarriak dituzte ere gure ibaietan. Izan ere, bertan bizi diren izaki bizidunen komunitateak eraldatzen dira, hala nola, onddo eta ornogabeen komunitateak. Hau da, onddo eta ornogabe gutxiago haziko dira eta gainera arinago hilko dira. Horretaz gain, arrainak ornogabeetaz elikatzen dira, eta gutxiago daudenez, arrain gutxiago elikatu ahal izango dira, eta beraz, arrain gutxiago ere haziko dira. Azkenik, eukalipto basoetako ibaietan egur hil gutxiago ere aurkitu ohi da (eta kalitate txarragokoa), hain garrantzitsua dena ibaietako osasuna bermatzeko.

Baina eukaliptoen arazoa ez da hemen bukatzen. Izan ere, esan bezala eukaliptoak egurra lortzeko landatzen dira, eta arraseko mozketa edo matarrasa bidez ebakitzen dira 12 urtero, teknika horrek gure ingurunea biziki kutsatzen duelarik: baso-pìstak eraikitzearen beharra, lurzoruaren galera, biodibertsitatearen galera, ibaien uhertasunaren emendioa, makinaria handiaren erabilera...

Bestalde, beste eskualde batzuetan konprobatu da eukaliptoek lurzorua iragazgaitz bilakatzen dutela, substantzia batzuk askatzearen ondorioz: uholdeen frekuentzia handiagotuz eta suteen hedapena ahalbidetuz. Baso suteak hedatzeko duten erraztasunagatik, eukaliptoek "gasolina zuhaitzak" ezizena hartu dute.

Hala ere, egia da eukaliptoa ez dela kalitate txarreko orbela sortzen duen eta matarrasa bidez mozten den zuhaitz bakarra. Adibidez, intsinis pinua (Pinus radiata) ere halakoa da, eta Euskal Herrian oso zabalduta dago. Hala ere, eukaliptoak ez bezala, 35-40 urtero mozten dira. Ondorioz, bertako landarediak denbora gehiago dauka mozketen artean pixka bat berreskuratzeko.

Nahiz eta artikulu guztian zehar eukaliptoak gure lurretan sortzen dituen arazoak azaldu ditugun, egia da egurra behar dugula, eta lursailen jabeek ere dirua behar dutela batzuetan. Azken finean, naturaren, gizakiaren eta ekonomiaren arteko oreka lortzea bilatu behar dugu. Hori guztia kontuan hartuta, hainbat lekutan baso mixtoak egiten hasi dira, non haritzak, pinuak, pagoak... landatzen dituzten. Hau da, arinago eta astiroago hazi diren espezieak nahasten dituzte, egurra ateratzen jarraitu ahal izateko baina sortzen dituzten kalteak murrizteko.

Argazkia: www.naiz.eus (jatorrizko argazkia: Getty)
Argazkia: www.naiz.eus (jatorrizko argazkia: Getty)

BIBLIOGRAFIA:

  • Ferrer, J.L. Verde y azul. [Azken kontsulta:27/10/2021] URL: https://verdeyazul.diarioinformacion.com/espana-tiene-15-000-km2-de-eucaliptos-asi-desplaza-al-bosque-autoctono.html
  • Zubimendi, M. Naiz aldizkaria. [Azken kontsulta:27/10/2021]. URL: www.naiz.eus/eu/info/noticia/20210314/eucalipto-un-arbol-maldito-para-nuestros-bosques-y-rios
  • Larrañaga, A. & Elosegi, A. 2019. Los eucaliptales: una amenaza para los ríos y los arroyos. [Azken kontsulta: 03/11/2021]. URL: https://www.ehu.eus/es/-/los-eucaliptales-una-amenaza-para-los-rios-y-arroyos

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Zer da EUTROFIZAZIOA?

Odol-emailea izan nahi al duzu?

Naturalak al dira UHOLDEAK?