Zergatik ematen digute azkura asunek?


    Seguru nago noizbait bide bazterretik, basotik, baratzetik... lasterka ibili zaretenean nahi gabe asunak ikutu dituzuela hankekin. Eta zer nolako azkura ematen diguten gero, ezta? Batzuetan garau edo pikorrak ere ateratzen zaizkigu.

    Baina ba al dakizue zergatik ematen duten errekazio hori larruzalean, eta zergatik beste landareekin ez den hori gertatzen? Bada... hona hemen erantzuna:

    Asunak iletxo antzeko batzuk aurkezten ditu landare osoan zehar (zurtoinean, hostoetan...), beheko argazkian ikus daitekeen bezala. Iletxo berezi horiek erresumingarriak dira, eta trikoma izenez ezagutzen dira. 

Argazkia: asun hosto baten irudia, iletxoekin.
Iturria: mundomicroscopicoplantasgarciabona.blogspot.com

    Guk ukitzean, trikoma horiek gure gorputza hautematen dute, eta zabaldu egiten dira. Zabaltzean, barruan daukaten eduki erresumingarria askatzen dute: azido organikoez, histaminaz eta azetilkolinaz osatuta dagoena. Trikoma horiek oso hauskorrak direnez, guk ikutzean apurtu egiten dira, eta euren edukia gure larruazaletik sartzen dute. Horrek erresumin edo azkura sutsua eragiten digu.

    Gainontzeko landare gehienek, nahiz eta iletxoak aurkeztu, ez dute larruazalean urtikaria edo narritadura hori sortzen. Izan ere, iletxo horiek "ile normalak" dira, ez dira trikomak, eta horregatik, gure ilearekin gertatzen den moduan, eurek ukitzean ez zaigu ezer gertatzen. 

    Dena den, nahiz eta batzuetan "mina" sortarazten diguten, efektu onuragarriak ere dituztela esan ohi da, hala nola, diuretikoa, digestio-laguntzailea eta antiinflamatorioa. Hala ere, mediku baten gomendioak jarraitu behar dira beti osasun arazoak ditugunean, eta landareekin eginiko infusioak ekidin ez baditugu ondo ezagutzen, sor daitezkeen arriskuak ekiditeko. Izan ere, kantitate jakin bat gainditzen badugu, baliteke kaltegarria bihurtzea.


Argazkia: trikomen argazki handitua. Iturria: www.educandose.com


Bibliografia:
  • Quiroz, Irenny. Educándose en línea. [Internet.] [Azken kontsulta: 2021/09/02]. URL: https://www.educandose.com/pelos-urticantes/
  • García Bona. El mundo microscópico de las plantas. [Internet.] [Azken kontsulta: 2021/09/02]. URL: http://mundomicroscopicoplantasgarciabona.blogspot.com/2017/03/urtica-urens-l.html
  • Huerta Ciriza, J. Plantas medicinales de la ribera navarra y el Moncayo aragonés. (2007). Medicina naturista, 1: 131-137.
  • Porcuna, J. L. (2010). LA ORTIGA: Urtica urens y Urtica dioica. Agroecologia, 2: 60-61.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Zer da EUTROFIZAZIOA?

Odol-emailea izan nahi al duzu?

Naturalak al dira UHOLDEAK?