Zergatik dira hortensia batzuk larrosak eta beste batzuk urdinak?

Lorategi ederrenetan ez dira inoiz falta hortensia batzuk. Baina horiek batzuetan udinak izaten dira, besteetan moreak, eta beste batzuetan larrosak. Zeren arabera daukate kolore bat edo beste? Agian landare-espezie desberdinak dira? Horrela erosten dituzte?

Ba... ez! Espezie berdina dira: Hydrangea macrophylla. Baina zer lurzorutan landatzen denaren arabera, kolore bat edo beste hartzen dute. Hau da, nahiz eta kolore jakin bat duen hortensia bat erosi, lurzoru desberdin batean landatzen bada, agian kolorea alda dezake. Zehazki, lurzoruaren pHaren arabera aldatzen da euren kolorea. Lurzoruaren pHak lurzoru horrek dituen protoi edo hidrogeno katioien [H+] kontzentrazioa adierazten du. Lurzoruko pHa 7 bada, neutroa dela esaten da. 7 baino baxuagoa bada, aldiz, azidoa, eta 7 baino altuagoa bada basikoa edo alkalinoa. Lurzoruko pH horren arabera, mantenugai desberdinak egongo dira eskuragarri lurzoruan, landareak xurga ditzan.

Antozianinak landareetan ugariak diren pigmentu batzuk dira. Antozianinek hainbat kolore adierazi ditzakete landareetan, hala nola, larrosa, urdina eta morea. Hainbat ikerketek azaltzen dutenez, lurzoruko pHa azidoa denean, antozianinek kolore urdina adierazten dute landareetan. Izan ere, aurretik esan bezala, pH batean edo bestean lurzoruan eskuragarri dauden mantenugai edo mineralak desberdinak izango dira. pH baxuetan edo azidoetan, aluminioa bezalako metalak daude eskuragarri, eta landareak horiek xurgatzen ditu. Antozianinek aluminioarekin erreakzionatzean, hortensiak kolore urdintsua hartzen du. Lurzoruko pH altuetan edo basikoetan, aldiz, landareak ezin du ia aluminiorik xurgatu, eta antozianinek aluminioarekin erreakzionatu ezean, kolore larroxka adierazten dute, eta hortensiak kolore larrosa hori hartzen du. Hala ere, lurzorua ez bada ez azidoa ez basikoa (hau da, neutroa bada), hortensiak kolore morea izango du (urdin eta more koloreen bitarteko kolorea, hain zuzen ere).

Laburbilduz, lurzoruko pHa geroz eta baxuagoa/azidoagoa izan, hortensiak kolore geroz eta urdinagoa izango du; eta geroz eta altuagoa/basikoagoa izan, geroz eta kolore larrosagoa.

Argazkia: hortensien kolore aldaketa lurzoruko pHaren arabera (Heisdorffer, 2012).



BIBLIOGRAFIA:
  • Ergür, E. G., Kazaz, S., Kılıç, T., Doğan, E. & Aslansoy, B. (2019). How to manipulate hydrangea flower colour (Hydrangea macrophylla Thunb.)? Acta Hortic. DOI 10.17660/ActaHortic.2019.1263.16
  • Heisdorffer, A. M. (2012). Hydrangeas with a Past and a Future. Kentucky: Daviess County Extension Agent.
  • Rifqui, M., Safril, M., Dwi, L. & Eka, A. (2015). Effect of soil pH on the anthocyanin level of hortensia (Hydrangea macrophylla). KnE Life Sciences, 2: 613-616.


Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Zer da EUTROFIZAZIOA?

Odol-emailea izan nahi al duzu?

Naturalak al dira UHOLDEAK?