OZONOA kaltegarria edo onuragarria al da?

Askotan entzun dugu Ozono geruzaren zuloa handitzen dagoela, eta horregatik aerosolak erabiltzeari utzi behar diogula. Hala ere, ozonoa kutsatzaile atmosferiko bezala ere har daiteke. Orduan, ozonoa ona ala txarra al da?

Bada... 2 ozono mota daude (bata kaltegarria da eta bestea, aldiz, onuragarria), atmosferaren zein geruzatan aurkitzen denaren arabera:

  • Ozono estratosferikoa: ozono hau estratosferan aurkitzen da, eta babes funtzioa dauka. Iragazki bezala jokatzen du izpi ultramoreen aurrean. Atmosferako ozonoaren % 90a da, eta Ozono geruza izenez ezagutzen dena eratzen du. Arazoa estratosferako ozonoaren suntsipena da, izan ere, suntsitzen bada, geroz eta izpi ultramore kaltegarri gehiago helduko dira lurrazalera. 
  • Ozono troposferikoa: ozono hau troposferan aurkitzen da, eta toxikoa da. Beraz, kasu honetan, arazoa ozono troposferikoaren eraketa da.



Laburbilduz, estratosferan ozonoa mantentzeko ahaleginak egin behar ditugu, baina troposferan bere eraketa ekidin behar dugu. Baina hau nola lor dezakegu? Horretarako, ozono mota bakoitzaren dinamika ikasi behar dugu lehendabizi:

  • Estratosferan, oxigenoak C argi-ultramorea xurgatzen duenean, ozonoa eratzen da. Ozono horrek B argi-ultramorea xurgatzean, ostera, ozoaren suntsiketa gertatzen da, oxigenoa askatuz. Hori prozesu dinamikoa da, hau da, ozonoaren eraketa eta ezabapena orekatuta daude. Hala ere, giza jarduerak oreka hori apurtu du, eta ozono estratosferikoaren suntsipena eraketa baino altuagoa izatea eragin du, aerosolak erabiltzeari eta CFC gasak (klorofluorokarburoak) askatzearen ondorioz. Izan ere, CFC gasen kloro konposatuak ozonoa (O3) apurtzen du, alde batetik O2 eta bestetik ClO konposatuak askatuz. Gauzak horrela, geroz eta ozonoaren apurketa gehiago gertatu eta Ozono geruza gehiago zulatu, argi-ultramore gehiago helduko da lurrazalera, giza osasunean eragin kaltegarria duelarik. Dena den, gaur egun esan daiteke Ozono geruzaren egoera pixkanaka-pixkanaka berreskuratzen dagoela, hau da, ozonono estratosferikoaren eraketa eta ezabapena berreskuratzen dagoela. Izan ere, duela urte batzuetatik hona CFC gasak igortzen dituzten aerosolak debekatuta daude. Hala ere, oraindik kontu handiarekin jokatu behar dugu, aurretiaz igorritako gasak oraindik atmosferan mantentzen direlako suntsitu gabe.
  • Troposferan, A argi-ultramorearekin nitrogeno oxidoak, konposatu organiko lurrunkorrak edo karbono monoxidoak erreakzionatzean eratzen da ozonoa. Hortaz, giza jarduerarekin areagotzen diren konposatu horien sorrera murriztu beharko genuke, ozono troposferiko toxiko eta oxidatzailearen sorrera murrizteko.



BIBLIOGRAFIA:
  • Newman, P. A., Oman, L. D., Douglass, A. R., Fleming, E. L., Frith, S. M., Hurwitz, M. M., Kawa, S. R., Jackman, C. H., Krotkov, N. A., Nash, E. R., Nielsen, J. E., Pawson, S., Stolarski, R. S., and Velders, G. J. M.: What would have happened to the ozone layer if chlorofluorocarbons (CFCs) had not been regulated?, Atmos. Chem. Phys., 9, 2113–2128, https://doi.org/10.5194/acp-9-2113-2009, 2009.
  • Ziemke, J. R., Chandra, S., Labow, G. J., Bhartia, P. K., Froidevaux, L., and Witte, J. C.: A global climatology of tropospheric and stratospheric ozone derived from Aura OMI and MLS measurements, Atmos. Chem. Phys., 11, 9237–9251, https://doi.org/10.5194/acp-11-9237-2011, 2011.
  • Madronich, SMcKenzie, R LCaldwell, M and Björn, Lars Olof (1995) In Ambio: a Journal of Human Environment 24(3)p.143-152.
  • Sabziparvar, A. A., Forster, P. M., and Shine, K. P. (1998), Changes in ultraviolet radiation due to stratospheric and tropospheric ozone changes since preindustrial timesJ. Geophys. Res.103D20), 26107– 26113, doi:10.1029/98JD02277.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Zer da EUTROFIZAZIOA?

Odol-emailea izan nahi al duzu?

Naturalak al dira UHOLDEAK?