Zer da KALIMA? Arazorik sor dezake gure osasunean?
Argazkia: LA PROVINCIA (www.elperiodico.com)
Kalima airean hautsa eta harea pilatzeari deritzo. Espainian oso ohikoa izaten da kanariar Uharteetan, Afrikako Sahara desertutik datozen harea eta hautsari esker. Gauzak horrela, Kanarietan argazkian ikus daitekeen moduko "hodei" marroixkadun egunak sortzen dira, zeinak oso kaltegarriak diren, substantzia kimiko kutsakorrak baitituzte.
Kalimak ehundaka kilometro egiten ditu Afrikatik Kanarietara heltzeko, eta zein herrialdetatik igarotzen denaren arabera, konposizio bat edo beste edukitzen du. Hau da, aireko hautsa eta harearen nahastea Argeliaren iparekialdetik badator, kalima kaltzioan, estrontzioan, sufrean, potasioan eta magnesioan da aberatsa; baina Argeliako iparmendebaldetik badator, kalima kloroan eta sodioan da aberatsago. Dena den, hautsa Sáhara edo Malitik badator, silizioan, burdinean eta manganesoan izango da aberatsa. Konposizio horiek printzipioz normalak dira, izan ere, lurrazaleko partikulak barreiatzean kalima burdin eta kaltzioan aberatsa bihurtzen da. Hala ere, haize hautsatsua zentral termikoetatik hurbil igarotzen denean, horietan askatutako partikula kutsakorrekin nahasten da, eta bromoa, kromoa, nikela, zinka eta zirkonio bezalako partikula kutsakorrak garraiatzen ditu berarekin batera, zeinak giza osasunerako bereziki kaltegarriak diren. Ikatza erretzen den zentral termiko eta petrolio-findegi gehienak Tunez, Argelian edo Marruekosen kokatzen dira gaur egun.
Kalimak garraiatzen dituen partikula kutsakorrek eragina daukate bai giza osasunean bai ingurumenean:
- Gizakiontzat, partikula kutsakorrekiko esposizioa kaltegarria da bai birikentzako bai bihotzerako. Izan ere, hainbat gaixotasun sor ditzake bi organoetan: asma, bihotzekoak, taupada irregularrak, arnasbideen narritadura, eztula, arnasteko arazoak... Bestalde, kalimak populazio guztia kaltetzen duen arren, bereiziki sentikorrak dira umeak, pertsona nagusiak edo aurretiazko patologiaren bat duten pertsonak (hala nola, arnasbideko gaixotasunak edo gaixotasunak kardiobaskularrak).
- Ingurumenari dagokionez, hauek dira kalimaren eragin kaltegarri nagusiak: ikuspenaren murrizpena, laku eta erreken azidifikazioa, uraren mantenugaien balantzearen alterazioa, lurzoruko mantenugaien murrizpena, laborantzetan eta basoetan kalteak, ekosistemen dibertsitatean kalteak, euri azidoaren sorrera... Hala ere, pentsatzen da eragin positibo gutxi batzuk ere badituela, adibidez, mantenugai jakin batzuk eskasak diren inguruneetara mantenugai horiek helaraztea.
Gainera, azken ikerketek aditzera eman dute hauts horretan birus, bakterio eta onddo aktiboak ere garraia daitezkeela milioika kilometrotan zehar. Azken urte honetan egiaztatu dugun bezala, hau oso kaltegarria izan daiteke etorkizuneko epidemientzat. Hala ere, asko dago oraindik ikertzeko horren inguruan. Beraz, adi egon beharko gara ikerketa berriek aurkitzen dutenarekin.
BIBLIOGRAFIA:
- Cabrera, S. Análisis de las partículas contaminantes PM2,5 en Santa Cruz de Tenerife. Doktoretza-tesia. Universidad de La Laguna, Kanariar uharteak.
- Verónica Pavés. El Periódico. [Internet]. Santa Cruz de Tenerife. 2020ko otsailak 23. [Azken kontsulta: 2021eko uztailak 12]. URL: https://www.elperiodico.com/es/sociedad/20200223/efectos-nocivos-polvo-suspension-calima-canarias-7861051
- Mónica G. Salomone. El Español. [Internet]. 2020ko otsailak 28. [Azken kontsulta: 2021eko uztailak 12]. URL: https://www.elespanol.com/ciencia/medio-ambiente/20200228/peligro-oculto-calima-millones-contaminantes-tormenta-polvo/470703627_0.html

Iruzkinak
Argitaratu iruzkina