Zergatik egiten dugu negar kipulak ebakitzean?

 


Guztiok ibili gara noizbait negarra gelditu ezinean tipula zatitu bitartean. Baina zergatik gertatzen da hori? Ba al dauka ekiditerik?


Tipulek edo kipulek trans-(+)-s-(1-propenil)-1-zisteina sulfoxido izeneko molekula usaingabea daukate haien barnean. Kipula moztean, bere zelulak apurtzen dira eta alinasa izeneko entzima trans-(+)-s-(1-propenil)-1-zisteina sulfoxido molekula horrekin kontaktuan jartzen da. Kontaktu horren ondorioz, beste molekula batzuk eratzen dira: pirubatoa, amoniakoa, eta syn-propanotial-s-oxidoa. Azken molekula horrek begietako narritadura eta negar-jarioa sortzen ditu. 

Laburbilduz, kipula moztean erreakzio eta elkarketa batzuk gertatzen dira tipulan, eta horien ondorioz sortzen diren konposatuak airera askatu egiten dira eta gure begietara heltzen dira. Hori gertatzean, negargura sortzen digute.

Horregatik, irtenbide egokia (eta merkea, gainera) izango litzateke uretako betaurrekoak jartzea. Horrela, begiak inguruko airetik isolatzea lortuko genuke, bai eta kipulak askatutako substantziak begiekin kontaktuan ez sartzea ere. Izan ere, syn-propanotial-s-oxido izeneko molekula negar-eragilea begietara ez bada heltzen, ez du begietako narriadura sortuko eta ez gara negarrez hasiko.

Amaitzeko, kuriositate moduan, ba al dakizue zer den tipulari usain txarra ematen diona? Bada... tipuletan dauden sufredun konposatu batzuek ematen diote usaina tipulari. Adibidez, azido sulfhidrikoak, dipropildisulfuroak eta alilpropildisulfuroak. Gainera, konposatu horiek arnasatsa sortzen digute sarritan! 


Bibliografia: 
- Herrera, J. E., Noreña, E. A., & Vallejo, S. A. (2007). Obtención de cebolla de bulbo Allium cepa L. con bajo nivel de aceite volátil propanotial. Revista de Investigaciones U.G.C. Universidad La Gran Colombia.




Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Zer da EUTROFIZAZIOA?

Odol-emailea izan nahi al duzu?

Naturalak al dira UHOLDEAK?