Zer ote dira landareen sustraietan topatzen ditugun bolatxoak?
![]() |
| Argazkia: Pommeresche & Hansen (2017): Examining root nodule activity on legumes. FertilCrop Technical Note. Download at www.fertilcrop.net |
Landare leguminosoak lurzoruko
bizitza askeko bakterio batzuekin erlazio sinbiotiko konplexuak era ditzakete.
Horrela, sustraietan oso espezializatutako organo berri baten sorrera gertatzen
da: noduluen sorrera. Horietan, bakterioek nitrogeno
atmosferikoa (N2) erreduzitzen dute landarearentzat erabilgarriak diren nitrogeno
formetara (N2 ezin baitute zuzenean xurgatu eta erabili), hala nola, aminoazioetara edo amoniakora.
Nola sortzen dira nodulu horiek?
1. Landare leguminosoen sustraiek metabolito sekundarioak, hala nola flabonoide eta isoflabonoide konposatu fenolikoak, askatzen dituzte lurzorura. Konposatu horiei esker, Rhizobium generoko bakterioak sustraiaren epidermiseko ile-xurgatzaileetara erakarri egiten dira.
2. Bakterioek Nod faktoreak (nodulazio faktoreak) sortzen dituzte, landarean aldaketak eragiten dituztenak, besteak beste, ile-xurgatzaileen deformazioa. Ile-xurgatzaileak ezohiko hazkunde kiribildua pairatzen dute, eta horren ondorioz, Rhizobium bakterioak kiribilaren barrunbean harrapatuta gelditzen dira.
3. Barrunbe horretan, ile-xurgatzailearen pareta zelularraren degradazio lokalizatua gertatzen da. Horri esker, endozitosiaren antzeko prozesu baten bitartez, infekzio harizpi deritzon tutu edo hodi itxurako egitura sortzen da sustraiaren ile-xurgatzailearen mintz plasmatikoaren inbaginazioaren bidez. Horri esker, bakterioak epidermiseko zeluletara barneratzen dira.
4. Infekzio harizpia kortexeko zelulatara hedatu egiten da, eta haietan adarkatzen hasten da, noduluaren hasikinean.
5. Infekzio harizpiaren barneko bakterioak kortexeko zeluletara askatzen dira, eta horiek infektatzen dituzte, berriz ere endozitosiaren antzeko prozesu baten bidez.
6. Bakterioak kortexeko infektatutako zeluletan aktiboki zatitzen dira, eta horren ondorioz nodulua eratzen da.
BIBIBLIOGRAFIA:
- Pommeresche & Hansen (2017): Examining root nodule activity on legumes. FertilCrop Technical Note. Download at www.fertilcrop.net
- Stacey, Gary. (2007). The Rhizobium-Legume Nitrogen-Fixing Symbiosis. DOI: 10.1016/B978-044452857-5.50011-4.
- Janczarek, Monika & Rachwał, Kamila & Marzec - Grządziel, Anna & Grządziel, Jarosław & Palusińska-Szysz, Marta. (2015). Signal molecules and cell-surface components involved in early stages of the legume-Rhizobium interactions. Applied Soil Ecology. 85. 94–113. DOI: 10.1016/j.apsoil.2014.08.010.


Iruzkinak
Argitaratu iruzkina